Jaurlaritzaren curriculum dekretuen aurka salaketa aurkeztuko du Espainiak

Oinarrizko hezkuntzako dekretuaren aurka salaketa jartzeko asmoa du Hezkuntza Ministerioak, Jaurlaritzari iragarri dionez. Dekretuak LOMCE legera moldatu ez izana leporatu dio Gasteizko gobernuari.

Uriarte sailburua eta Mendez de Vigo ministroa, Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkaria erdian dutela.

Araba Euskaraz jaian, herenegun, hizpide hartu zuen Madrilgo gobernuaren jokabidea Cristina Uriartek, Hezkuntza sailburuak; adierazi zuen euskal hezkuntza defenditzen jarraituko dutela Espainiaren «dekretuen eta helegiteen» gainetik. Madrilek hartutako neurri batzuk aipatu zituen jarraian, eta curriculum dekretuen aurkako salaketa ere tartean aipatu zuen. Berria da helegite hori.

Salaketa bera ezarri gabe dago oraindik, baina Hezkuntza Ministerioak asmoaren berri emana dio Jaurlaritzari. Ikusteko dago zer bide egingo duen, hala ere. Batetik, igandeko hauteskundeen ondorengo gobernu berriak eutsiko ote liokeen helegiteari; bestetik, sententzia iritsi arte zer gertatuko den tartean. Kontuan izan behar da, gainera, LOMCE aldatzeko aukera dagoela hurrengo legealdian.

Jaurlaritzak abendu amaieran onartu zituen curriculum dekretu bi: Haur Hezkuntzakoa eta oinarrizko hezkuntzakoa —Lehen Hezkuntza eta DBH daude hor—. Bigarrena salatuko du Espainiak.

Aldaketak dekretuetan

Atzera-aurrera handiak izan dituzte oinarrizko hezkuntzako curriculum horiek. 2014ko urrian aurkeztu zuen lehen zirriborroa Hezkuntza Sailak. Ia 800 orri. Dekretuak bere egin zuen LOMCE: hitzez hitz ageri ziren Madrilen dekretuko atal batzuk. Euskal Herria kontzeptua ere sartu zuten horrekin batera. Finean, beraz, Madrilek ezarritako oinarrizko curriculuma bete zuen Jaurlaritzak, eta «euskal dimentsioa» gehitu. Eragile gehienek kritikatu egin zuten hori; Ikastolen Elkarteak, adibidez, ohartarazi zuen LOMCEren eragin «nabarmena» zuela Jaurlaritzaren zirriborroak.

2015eko otsailean erabat berritutako proposamena egin zuen Hezkuntza Sailak: zehaztasunak kendu egin zituen gaitegitik —800 orri ez, 300 zituen bigarren zirriborroak—. Horren bidez, bi kritikari izkin egin nahi izan zien gobernuak: batetik, dekretuak zehaztuegiak zirela, eta bestetik, «LOMCE ezartzeko tresna» zirela —hori leporatu zioten eragile batzuek Heziberri planari buruz—.

Proposamen hori onartu zuten gobernu kontseiluan, eta ikusteko geratu zen Madrilek zer jarrera hartuko zuen. Heldu da erabakia. Izatez, ez da Hezkuntza Sailaren aurkako eginbide bakarra. Adibidez, LOMCErekin lotuta, errekerimendu bat bidali dio oraindik orain, bukaerako probak ez ezartzeagatik. Jaurlaritzaren bekak ere auzitara eraman ditu, Espainiako irizpideei ez jarraitzeagatik.
Iturria:
2016-06-21 / Garikoitz Goikoetxea / berria.eus
Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s