Mes: mayo 2014

Lanbide heziketarako sarbide probarako beste dei bat

Jaurlaritzak ez du balio gabe laga aurrekoa, eta hautazkoa izango da azterketaren ezohiko deialdia: ekainaren 5ean

Arantxa Iraola

Ezohiko deialdi baten bidez konpondu nahi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lanbide heziketarako sarbide etsaminaren inguruan igaro egunotan piztu den polemika: maiatzaren 8an egin zen, eta hainbat ikaslek salatu zuten gaitegitik aparteko galderak egin zirela proban, eta gainera, filtratu egin zela aurretik. Hezkuntza Sailak atzo jakinarazi zuen filtrazioaren gaineko «ebidentziarik» ez dutela atzeman, eta gaitegiko aparteko galderarik ere ez zela egin azterketan, baina, hala ere, «gardentasun printzipioa eta segurtasun juridikoa» oinarri hartuta ezohiko deialdi bat antolatzea erabaki duela. Ekainaren 5ean egingo dute. Aurreko deialdian parte hartu zuten ikasle guztiek izango dute, nahi badute, etsamin hori egiteko aukera, eta lorturiko emaitzarik onena hartuko diete ondoren aintzakotzat.

Ikasleek salatu zuten matematikako azterketan izan zela arazo bat: curriculumean agertzen ez ziren ariketak jarri zizkieten egiteko. Baina Hezkuntza Sailaren arabera, auzia aztertzeko elkartu diren batzorde teknikoek ez dute ikusi matematikako proban gaitegian zerrendatutako edukietatik aparteko deus ere. Ikasleen kexuaren berri izan ostean, BERRIAk hainbat irakasleri galdera egin zien: baieztatu zuten etsamineko ariketak gaitegi barruan zeudela, baina ohartarazi zuten aurreko urteetakoak baino dezente zailagoak zirela. Orain arte egitura antzekoa izaten zuten urtez urte azterketek, eta ikasleek ohitura izaten zuten aurrekoak eredu gisara hartuta prestatzea proba. Azterketa errepikatzeko «beharrik» ez du ikusi Jaurlaritzak, baina ezohiko deialdian egingo da, berriz, matematikako zatia ere.

Filtrazioaren gaiarekin ere ondoeza zuten ikasleek. Salatu zutenez, azterketa hasi baino ordubete lehenago Interneten zegoen argazki bat. Zalantzarako zantzuak bazituzten: galderak zituen orria derrigor entregatu behar zuten azterketako erantzunekin batera —ezin da gelatik atera orria—, eta aurtengo probak Interneten ez ditu ipini Hezkuntza Sailak. Hortaz, ezinezkoa zen inork argazkia atera izana gelatik kanpo.

«Pisuzko» ebidentziarik ez

Hezkuntza Sailak atzo adierazi zuenez, ordea, ikerketa egin dute, eta «pisuzko ebidentziarik» ez dute antzeman salaketa horren egiazkotasuna demostratzeko.

Aspaldi hasi ziren nahasten azterketa honen inguruko urak. Lanbide heziketaren inguruko eskaria gora eta gora ari da urteotan, eta Hezkuntza Sailak iazko azaroan azaldu zuen muga jarriko zuela sarbidean, ezingo zutela guztiek egin; 3.100 leku izango zirela esan zuen. Zalaparta eragin zuen horrek, eta 5.700 leku jartzea proposatu zuen gero. Gehiago izan dira, hala ere. Kontuan izan behar da beste erkidego batzuetako ikasleek ere parte hartzen dutela Eusko Jaurlaritzaren probetan. Ikasleek salatu dute muga jartzeko zaildu dutela azterketa. Leku kopurua murriztu beharrean azterketa zailduta jarri nahi dutela galbahe berria. Estuagoa.

 

Iturria: http://paperekoa.berria.info/harian/2014-05-18/013/002/Jaurlaritzak_ezohiko_deialdi_batekin_baretu_nahi_du_lanbide_heziketako_auzia.htm

 

Anuncios

Iruzurra salatu dute goi-mailako graduetara sartzeko azterketetan

Matematika azterketan izandako azken orduko aldaketak eta whatsap bidez izandako ustezko filtrazioa dira ia 7.000 kaltedunen kexa nagusiak. Jaurlaritzak gertatutakoa ikertuko duela iragarri du.

http://www.eitb.com/eu/albisteak/gizartea/osoa/2235692/iruzurra-azterketetan–goimailako-graduetara-sartzeko-probak/

Maiatzaren 8an goi-mailako hezkuntza zikloetan sartzeko azterketa egin zuten milaka ikaslek salaketa aurkeztu dute Jaurlaritzak egindako azterketetan ustezko iruzurra izan zela argudiatuta.

Ikasleen arabera, ezustea matematika proban hartu zuten, azken sei urteetan egindakoen eta aurtengo proba prestatzeko erabilitakoen antzik ere ez zuelako.

Horrez gain, azterketak whatsap bidez filtratu egin zituztela eta azterketen argazkiak probak hasi baino ordu batzuk lehenago bueltaka zebiltzala salatu dute.

Azterketa egin zutenek azaldu dutenez, “hasieratik azterketa egiten dugunon kopurua erdira murriztu nahi izan dute”, eta horretarako matematika probaz baliatu direla azpimarratu dute.

“24 ordutan 5.000 sinaduratik gora bildu ditugu eta astelehenean eta asteartean bilketarekin jarraituko dugu probintzia guztietan, ondoren sinadura guztiak Eusko Jaurlaritzara eramateko. Nahi dugun gauza bakarra azterketa errepikatzea da, eta aurreko urteetako azterketetan oinarritzea”.

Jaurlaritzaren erantzuna

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ohar bat atera du gertatutakoaren inguruan duen jarrera adierazteko. Bertan adierazi duenez, “talde batek salaketa aztertuko du bihartik aurrera”.

“Hezkuntza Zuzendaritzaren arabera,  prozesua zuzena izan da, baina salatutakoa konfirmatuko balitz eta arrazoitutako zalantzak aurkituz gero, Zuzendaritzak pasadan astean egindako proba bertan behera utzi eta deialdi berri bat martxan jarriko luke”.

Hau komunikabideetan hedatu dena.

Hemen daukazue ikasleek abian jarri duten lotura egoera zalatu eta kaltetuei gure elkartasun-adierazpena  egin nahi badiegu:

http://www.change.org/es/peticiones/sector-de-personas-afectadas-por-el-cambio-en-la-prueba-de-acceso-a-grado-superior-apoyar-la-iniciativa-y-difundir-el-descontento-generalizado?recruiter=92602116&utm_campaign=signature_receipt&utm_medium=email&utm_source=share_petition